LIBRE epaiketa politikoen kontrako eta auziperatuek bultzatutako herri mugimendu anitza da. Momentu honetan ia 80 euskal herritar epaitzen ari dira Madrilgo Entzutegi Nazionalean (Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak barne), eta datozen hilabeteetan beste 200 lagun gehiago epaituko dituzte euren jardun politikoengatik.
Urtarrilaren 18an, larunbata, goizeko 11:30etan da hitzordua Algortako Txiki Otaegi enparantzan. Ordu horretarako prentsaurreko masibo bat antolatuta dago eta nola ez, mundu guztia dago parte hartzera gonbidatuta.
Bigarrenik, prentsaurrekoa bukatzean, Elkartasunak eta Konpromisoak bultzatuta, Algortako zenbait kirolarik ekimen berezi batean parte hartuko du. Herri kirol desafioa izango da eta honetan 6 arraunlarik, 6 errugbilarik, 6 futbolarik eta 6 surflarik hartuko dute parte, taldeka. Apustuak ere egin ahal izango dira eta apostatzen den diruaren parte bat LIBRE kanpainia zein epaiketa hauek sortutako galera ekonomikoa leuntzeko erabilia izango da.
Bukatzeko lunch gozoa (eta musikatua) dastatzeko parada izango dugu.


